Bakea? Non?

Erabiltzailearen aurpegia Aitzol Iturbe 2016ko ira. 23a, 09:40

Pasa den igandean, trenean nindoala, eskale portugaldar batekin hizketaldia izateko zortea izan nuen.

Kontatu zidan nola 27 urte zeramatzan hemen. Eraikuntzan aritu zela duela bi urte arte eta harrezkero kalean bizi dela, hara eta hona, eguna pasatzeko behar duen dirua eta jatekoa eskatuz. Tarteka, diru pixka bat aurrezten duenean, zerbait beroa prestatzea gustatzen zaiola... Nik ere nire berri kontatu ostean, eskua emanaz agurtu genuen elkar. 

Hondarribiko arratsalde pasan, lau euroko  izozkitxo bat jan ostean postutxoetan kapritxoren baten bila genbiltzan bitartean, Orioko hamar bat urteko mutiko ekuadortar euskaldun batekin hizketaldia izateko aukera izan nuen. Bera, hiru neskatila gazteago eta ama ikus zitezkeen puestoan. Besteren artean asteburua lanean pasa ostean iluntzean etxera itzuli behar zirela esan zidan, astelehenean eskolara joateko.

Buruari bueltaka pasa nuen eguna. Urkulluren soldata, Otegiren trajea eta Pili Zabalaren txaleta etorri zitzaizkidan burura; baita nire kotxea, Tenerifeko oporrak eta aitona-amonen urtebetetzean egindako jankada ere. Nola da posible nik oporretara joateko beste etxe bat alokatzen dudan bitartean, beste batzuek zer janik ere ez edukitzea? Eta nola nire iloba opariekin egun bakarrean aspertzen den bitartean, hamar urteko mutikoak asteburuan lan egin beharra?

Ez da kasualitatea, ez da gutxi batzuen zoritxarra, egiturazko arazoa da. Bere herritarrak (edo beste herrialde batzuetakoak) miseria egoera horretan egotea onartzen duen gizartea ezin da bakean bizi, eta egiturazko arazoa konpontzeko asmorik gabe bakea saltzen ari dena, gezurretan ari da. Bakea justizia sozialduna izango baita, edo ez baita bakea izango.

Hau da, kapitalismoan ez dago bakerik.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak