Sinbolo diren arren, mendeetan barrena –batzuek historian hala idatzi nahi duten arren, gurea ez baita azken hamarkadetako gatazka– Espainiako estatuak, bere izen ezberdinekin, euskal herritarron aurka erabili duen errepresioaren bi adibide dira.
Inork, ez inoiz eta ez inon, ez du askatasuna lortu bere zapaltzailearen kontzientzian eraginda (Assata Shakur). Eta horregatik esan nahi diet hasi Orreagan, Amaiurtik, Elgetako frontetik eta Cerdanyola del Vallestik pasa, eta gaur egunera arte gure herriaren askatasunaren eta zapalduen aldeko borrokan ondorio latzak jasan dituztenei, agur eta ohore. Erakustearren behartu ezean ezer aldatuko ez duen zapaltzailearen aurrean borroka dela bide bakarra.
Eta horixe erakustearren esan nahi diet agur eta ohore kataluniarrei. Azken urteetako prozesuan argi izan dutelako ez dutela Madrilera begira egon behar. Ortuzarrek ez omen du inbidiarik sentitzen. Zergatik ote da? Nik inbidia sentitzen dut.
Eta gora CUP! Sektore estrategikoen nazionalizazioa, euro monetatik ateratzea, parte-hartzea, errepublika feminista, herritar guztiek eskubide berberak, aberastasunaren eta lanaren banaketa, zerbitzu sozialak bermatzea, nekazaritza ekologikoa... horra hor CUPen programa politikoan ageri diren hainbat termino. Eliteen atzaparretatik alde egin eta herritarren zerbitzura egongo den estatu bat eraikitzeko proposamen iraultzaileak 336.375 bozka lortu ditu. Eta gehiago izango dira etorkizunean.
Badakigu auzolana zer den, eta segi dezagun, beraz, euskaldunok ere, eguneroko inurri lanaz, Espainiaren eta kapitalismoaren atzaparretatik ihes egiten, Euskal Errepublika euskaldun, sozialista eta feminista lortu arte.