Arrola, AKE, Olalde, Peña Aiastui eta Eskola Kiroleko guraso boluntarioak, kirolean; Oinarin, txistulariak eta trikitilari gazteak, kultura ondarea mantendu eta herria girotzen; Kikirixo, Gaztetxea eta Jubilatuak, haur, gazte eta adinekoen aisialdian; kontsumo talde hasi berria, kontsumo eredu jasangarriak bultzatzen; Anelkar, antzuolarron elkartasuna beharrik handiena dutenei helarazten... Bejondeizuela guztioi! Baita beste edozein arlotan, inolako interes pertsonalik gabe, lanean aritzen zareten antzuolar guztioi ere.
Borondatezko lana aipatzen hasita, ezin aipatu gabe utzi zinegotziak, bejondeizuela! Ez da edonolako konpromisoa 4 urterako zinegotzi izateak dakarren karga (egindako lanaren arabera noski, EAJko eta PSEko zinegotziei ez baitie karga handirik suposatzen) eta ardura hartzea.
Antzuolako Udalari 11 zinegotzi dagozkio. Egun, 11 horietatik 9 elkartzen dira osoko bilkuretan, eta herriko 7en artean banatzen dituzte lanak. Adibidez, azken legegintzaldira arte zinegotzi guztien artean banatzen zituzten herriko festetako lanak 7en artean egiten dituzte orain. EAJko bi zinegotziek diote ez direla antzuolarrak (inor gutxik ukatuko die hori) eta horregatik ez dutela festetan lanik egiten.
Herriko 7 zinegotzien lanak bi izen ditu, konpromisoa eta borondatea. Jakin nahi nuke ea EAJko Maria Eugeniak ba ote dakien zer diren, baleki, ez lukeelako bere lana lanean zintzo eta borondaterik onenarekin ari direnen jarduna oztopatzera bideratuko. Horretarako ordaintzen diote, eta nabari da.
Gure herriaren jardunarekin bateragarriak ez diren jarrera gaiztoengatik, Maria Eugeniari pikutara joateko gonbita egitera animatu nahi zaituztet! Hemen lehenengoa!