... partidu gogor bati aurre egiten gabiltza. Askok osatzen dugu kultura taldea, baina aurkari gogorra tokatu zaigu zelaiaren beste aldean: Krisia. Bera bakarra da, baina oso gogorra, eta badaki non min egin. Hilabetetako partidua jolasten bagabiltza ere, eta gure taldea (Kultura) gogor saiatzen ari den arren, zapalduta gaude, azken bi tantoak aurkariak sartu baitizkigu:
Krisia 1, Kultura 0 (iraila, 2012). Hainbat eragile eta erabakiren ondorioz, BEZa igo zen aurreko hilabetean, eta nahiz eta aldiko erabaki bat dela esaten duten, lehenengo ondorioak ikusi dituzte gure taldeko kultura-kontsumitzaileek. Zinera joatea gogoko duenak %13ko igoera jasan du bere sarreran. Hau da, lehen 6,6 eurotan ordaintzen zen sarrera orain 7,3 eurotan ordainduko da. 70 zentimo gehiago. Musika jaialdi handietara joateko ohitura dutenek, adibidez, 8 euroko igoera jasango dute, beraien sarrerak garestiagoak baitira.
Krisia 2, Kultura 0 (urria, 2012). Gol baten ostean beste bat. Eta hau oraindik gogorragoa 2013. urtera begira kultura-egileentzat. Wertek Euskal Herriko kultura laguntzen erdia jaitsi nahi du. Erabaki honekin, talde eta erakunde askok ez dute inongo diru laguntzarik jasoko edota jaitsiera gogorra jasango dute: Donostiako Zinemaldia, Donostiako Hamabostaldia, CIT, Euskal Herriko Abesbatzen Elkartea... dira jasango duten talde batzuk. Eta noski, talde txikiago askok ere. Honek guztiak euskal kultur produkzioaren kantitatea eta kalitatea jaistea ekarriko du.
Partidu zail baten aurrean gaude, baina Euskal Herriko kultura-kontsumitzaileok eta kultura-egileok gogor jarraitu behar dugu lanean. Ez da egongo dirurik, baina denok batera aurre egingo diogu momentu gogor honi. Beraz, badakizue, antzerkia egiten dugunok, musika egiten dugunok, zinea egiten dugunok, eta abarrek zuen laguntza behar dugu. Mantendu dezagun Euskal Herriak duen kultur kalitatea bere gorenean.