Bergarako plaza lepo betetzea lortu genuen Bergara Bizi Lehen Moda Erakustaldiaren inguruan. Gure espektatibak gaindituta, herriko denda eta komertzioen eskaintza erakustea helburu betetzeaz gain, ekimena benetako festa herrikoi bilakatzea lortu genuen.
Egunak igarota ere askoren ahotan jarraitzen zuten "moda desfileak", "plaza bete" zuen festak eta "pasarela erraldoiak"! Egindako lanaren emaitza ezin hobea izan da eta indar berritua eman digu gure egitasmoarekin eta ekimenekin aurrera jarraitzeko.
Egia da antolakuntza lan handia egin behar izan genuela, baina jasotako laguntza ere handia izan da. Horregatik, Bergara Bizitik eskerrak eman nahi dizkiegu gure ametsa betetzen lagundu diguten guztiei: modelo lanak egin zituztenei, antolakuntzan parte hartu zutenei, muntaia lanetan ibili zirenei, ikuskizun paregabea eskaini ziguten Camdem Town-eko lagunei, udal langileei eta, noski, bertaratu ziren bergarar guztiei, euren babesik gabe ezinezkoa baitzatekeen lortutako emaitza.
Mila esker guztioi.
Bergaran bizi, herrian erosi, denok irabazi!
----------
Ainhoa Ibarra
(Bergara Bizi mahaiko kide guztien izenean)
Bergara