Aurreko urtean Bergarako epaitegia inguratu genuen; ekitaldi hartan Inok Kafka ekarri zuen gogora: Joseph K prozesuko pertsonaiaren antzera sentitzen gara, bai. Ezker Abertzaleko kide eta beharginak izateagatik atxilotu eta espetxeratu gintuzten. Gure delitu larria bileretan, mobilizazioetan parte hartzea, prentsaurrekoak ematea, plenoetan egotea, batzarrak dinamizatzea... izan da. Zapatukoa moduko ekitaldietan parte hartzea da gure kondena.
Audientziako eremua ez da gurea, ez da erosoa, ezta naturala ere. Guk laurok deklaratu dugu eta hamaika pasarte entzun ditugu, baita barregarriak ere, elkarri adarra majo jo diogu: bateko ibaia garbitzeko zerrendak, besteko politikaren yonkia... disfrutatu dugu, bai, bereziki, gura aittona eta eredua den Patxi Urrutiarekin, bere 70 urteekin duintasuna eta konpromisoa zer den erakutsi duelako.
Hasi da bai, prozesu berri baten aurrean gaude, 4/08 izenarekin batailatu dutena; bertan 35 pertsona epaituak izaten ari gara Auzitegi Nazionalean. Martxora arte iraungo duen epaiketa luzea. Zigor eskaera ere mardula da, 10 urteko espetxe zigorra eskatzen digute, talde terroristako partaideak izatearen akusaziopean. Esfortzua, beraz, handia izango da, baina ziur gaude zuen, guztion laguntzarekin aurre egitea lortuko dugula.
Ezker Abertzaleko kide ginen eta gara, nork bere eremuan bere ekarpena egiten jarraitzen dugu Euskal Herriko independentzia bilatze bidean, hauteskunde kanpaina gaude bete-betean; domekan botoa ematera deituak izan gara. Estatu mailako hauteskundeak dira, marko ezin hobea gure herriarentzat independentzia nahi dugula aldarrikatzeko eta norabide horretan indarrak bildu eta Espainiarekin behin betiko apurtzea nahi dugula irudikatzeko. Arnaldo, Jose Luis eta beste batzuk hurrengo asterako deituak zeuden fiskaltzaren aldetik, bertan behera utzi dute, gezurrak erabilita; izan ere, egia bakarra zera da: hauteskunde kanpainan parte hartzea moztu dietela; bereziki, preso mantentzen duten Arnaldori. Doala hemendik gure besarkada goxoena berari eta beste preso politiko guztiei.
Militanteak gara, bai; horregatik, militantzia keinu bat eskatzera gatozkizue zuei guztioi: bete ditzagun boto-ontziak independentzia ekartzen lagunduko duten boto-txartelekin, bildu gaitezen independentziara; bildu gaitezen EH Bildura.
Gora, Euskal Herria libre, independente eta sozialista.
Gora, zuek. Esker mila.
----------
Aittor Arantzabal, Mikel Zubimendi, Mikel Garaiondo eta Ino Galparsoro
Debagoiena