Eta kooperatibak... zer dio?

Erabiltzailearen aurpegia

Gipuzkoako hainbat eragile, elkarte, mugimendu eta norbanako aspalditik gabiltza erraustegiaren eraikitzeak ekarriko dituen kalteak kaleratu guran.

Pertsona helburu duen administrazioak herritarron ongizaterako pausoak emateaz ahaztu, eta, enpresa jakin batzuei, ezkutupean, kontratu basatiak oparitu dizkio –1.200 milioi euroko zorra egotzi digute gipuzkoarroi, eta horietatik 100 milioi, debagoiendarrok ordainduko ditugu–. 

Zer esanik ez makroproiektu honek naturari eragingo dion kalte erreparaezinaz, gune ugari dioxinaz betiko kondenatuz.

Joan den zapatuan, Zubietan, hainbat sektorek argi adierazi genuen Erraustegirik ez! aldarria, alternatibak ditugulako, bizitza maite dugulako, natura gurea sentitzen dugulako...

Dena den, bada faltan bota genuen hotsa. 

Publikoki adierazi ez den arren, gure bailarako enpresa ezagun batek esku-hartze garrantzitsua izan du erraustegia eraikitzearen onarpenean. 

LKSk, Mondragon Taldeko kide den kooperatibak, erraustegiaren eraikitzeak ingurugiroan duen eragina aztertzen duen informe teknikoa burutu du, Diputazioak horrela eskatuta. 

Ondorioztatzen dena da naturarendako jasangarria ei dela sailkatu gabeko gure zaborra erretzeko helburua duen erraustegia eraikitzea. 

LKSk jasangarritzat jotzen du kutsadura ekarriko duen proiektua, kalitatezko ur emari eta lur emankorren kondena, porlanezko makroinfraestruktura saihesgarria, zaborra kudeatzeko alternatiben baztertzea, epe luzera kontaminazioa gutxitu ez, eta airearen usteltzea ahalbidetuko duen estrategia kapitalista…

Non dago Debagoieneko kooperatibismoaren posizionamendua? 

Erabaki garrantzitsuak ez al dira langileen artean hartzen? 

Zer gertatuko litzateke Mondragon Taldeko kooperatibistek gaia mahai gaineratu eta herriarendako proiektu jasanezina dela aldarrikatuko balute? 

Akaso… hau al da bailaran nahiko genukeen errealitatea? 

Baserritarrok ez genuke nahiko, inondik inora. 

Eta horregatik, bailarako kooperatibistei zuen erabaki-guneetan gai honen inguruan eztabaidatzeko gonbita luzatzen dizuegu. Munstro hau gelditzeko aukera baldin badago, aldarria bazter guztietatik entzun dezatela.

Eutsi lurrari! 

Erraustegirik ez!

----------

Ane Gorosabel, Aitzol Iturbe, Lur Pagoaga, Naroa Ariznabarreta eta Josetxo Lucas

'Baserria XXI'-en izenean

Debagoiena

ALBISTEAK MUGIKORREAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.