Hots isilduak, mesprezatuak, erbesteratuak, torturatuak… Hots ausartak, indartsuak, goxoak, ezinbestekoak... Klaustroetako paretek sakon begiratzen gaituzte, dena adierazi guran, gertatutakoaren lekukoa gal ez dadin, barruak zabalduz, burua tente, beti, asmoa irmo. Istorio krudelak motxilan, hunkigarriak, asko sinesgaitzak, denak adorez beteak.
Orduan, halabeharrezkoa den galdera: eta nik, egoera hartan, zer egingo nuke? Zeinen urrun, gure amamek hartu behar izan zituzten erabakiak eta gureak. Alde batetik, norbera eta ingurukoen bizirautea bermatzeko auskalo nora ihesi irten beharra, frontera eskopeta besapean hartuta, klariona arma gisa, herri honetako hizkuntza eta ondarea mantentzeko konpromisoa. Bizitza zeharo aldatzen duten erabaki aukeratuak, eta ez aukeratuak.
Gure aitzindari emeek emandako pausoek gure bidea jorratu dute. Orain, bidea marrazten jarraitzea guri dagokigu, gure errealitatea kolektiboki eraikiz, amesteari utzi gabe.