Gela txikietan ari dira gutxi batzuk gure herriaren etorkizuna marrazten, sekretupeko akordioak negoziatzen, isilean, ezkutuan. Enpresa multinazionalei gure etxeko ateak parez pare ireki gura dizkiete, eztabaida ezinak beharko luketen mugak gainditu eta merkatu sistemaren baldintzak hobetze aldera, herritarron eskubideak urratuko dituen egoera bultzatuz. Betikoa, etekin pila, gutxi batzuen esku. Globalizazioak ez du etenik, eta kapitalismoak ez du lotsarik. Hazkundearen izenean, interes kolektiboak protagonismoa galduko du, interes merkantilak presentzia irabazten duen erritmo berean.
Itxuraz, guk, norbanako gisa, honen aurrean ez dugu zer eginik, edo hau pentsarazi gura digute. Posible da merkatu mundialaren eskaintzaren aurrean eskumena mugatua izatea, eta Estatu Batuetatik datorkigun funtzionatzeko planteamendua jada erabakita egotea. Baina ezin dugu ahaztu gure etxeetako ateko giltzak gure poltsikoetan ditugula, gure esentzia mantentzeko boterea gure gain dagoela. Heldu zaigu kontzientziak astintzeko garaia, inguratzen gaituenarekin zentzuz eta koherentziaz jokatzeko unea. Ez dezagun gure borroka baztertu, behetik jarraituko dugu, elkarrekin amesten, eraikitzen, poliki poliki, goian dauden horiei, ekintza txikiekin, harritxoak botatzen, gure errealitatea gurea egin arte.