Giro paregabea ortuko lanari ekiteko. Gaurko lehentasuna: barazkiak batu, garbitu eta txortak prestatu. Atsegina benetan azoka plazara joatea, herritarrekin harreman zuzena izateko momentua. Egun onak eman eta postu parean geratzen dira, kontu kontari batzuetan, isilik beste batzuetan, gure lanari begira. Askotan, produktu bakoitzaren atzean dagoen prozesua zein den jakin gabe; beste askotan, soberan jakinda; eta bestetan, zalantzak argitu nahian, baratzeko esperientziak elkarbanatuz eta gomendioak elkarri trukatuz.
Postuen beste aldean, ordea, azoka egunetako konpainia paregabea, berriketaldi lagunak bihurtu direnak, urtaroz urtaroko konstantzia, pazientzia, behaketa eta etengabeko lanaren ondorioz, dudarik gabe, plazako protagonista direnak.
Hain zuzen ere, gure lurren emankortasuna ziurtatu dutenak. Polita da euren ahotik entzutea garai bateko azoka plazak zuen garrantziaz, bertan sortzen zen giroaz eta herritarrek bertako produktuei zioten estimuaz. Gutxi batzuk hori berreskuratu nahian gabiltzan arren, lehen sektoreko belaunaldi ordezkapena erabateko oreka faltan aurkitzen da. Azoka plaza, biztanleria bezalaxe, zahartzen ari da-eta. Ameslariak gu, atzera begira jarriz, jada desagertu dena berreskuratu nahian gabiltzala. Agian, aurrera begiratu beharko genuke, momentuz asmatu eta egin ez dena, sortzear baitago.