... munstroak behin eta berriz gogoratzen digu aske izateko bide honetan oztopoak ezartzeko jaioa dela, bere existentzia beste batzuen sufrimenduarekin indartzen dela eta ustezko boterea soilik bere menpe dagoela. Ase ezina da bere gosea, eta betekada honetan beharrezkoak dituen baliabideak eskura ditu, berak sortutakoak baitira, gainontzekoak zapaltzeko, etsitzeko eta desagerrarazteko. Makina bat trikimailu erabili izan ditu isiltasuna, men egitea eta errenditzea lortzeko.
Munstro asko daude mundu osoan zehar sakabanaturik, helburu bakar bezala gainontzekoen menpekotasuna lortzea dutenak, eta imajinaezinak diren azpijokoez baliatzen dira herri xumea kontrolatzeko. Inuzenteak, baina, munstro hauek, oraindik ez baitira ohartarazi etsigaitzak diren izakiak egon badaudela, lur azpitik bada ere, berpizteko gaitasuna dutenak, barruko sua inoiz itzaliko ez zaien segurtasunarekin, amets kolektibo baten eraikuntzan tinko dihardutenak. Porlan artetik irteten diren belarrak bezalaxe etengabeko hazkundeari inoiz uko egin ez dioten izakiek edonon eta edonola jarraituko dute beren bidea, argi baitute norantz jo nahi duten, beldurrik gabe, eta ez dago mundu honetan zurrunbiloa eteteko kapaza den munstro ikaragarririk. Hazia ereinda dago, gainean jauzitako zaparradek sustraiak egonkortzea lortu dute, zurtoina tinko ari da gorantz, beti gorantz, eta batzuetan makaldu egiten den arren, ahalegina ez da alferrik galduko, denbora kontua da udaberria heldu eta landarea loratzea. Gora bihotzak eta aurrera bolie!