Eskerrik asko!

Aurreko domekako kontzertuaz hitz batzuk idazteko eskatu didate; baina ez da erraza izan sentitu nuen guztia hitzez adieraztea

Hasieran, banda eta ikusleak zutik zeudela ikusita, zera pentsatu nuen: gaurkoa oso kontzertu berezia izango da. Han batu ginen guztien aurpegiak ikusi besterik ez zegoen –familiakoak, lagunak eta musikari esker ezagutu dudan jende asko–.

Jo genuen lehen obra oso berezia da, bai Bandarentzat, bai niretzat: Campo de rosas. Fliskornoak interpretatutako melodia hasi zenean, sentitu nuen Miguel –nire aita– gure artean zegoela. A ze emozioa! A ze musikariak! Musikak berriro batu gintuen guztiok.

Horren ostean, Lago de los cisnes ospetsuari ekin genion. Musikariek obrak jotzen zituzten heinean, ez neukan inongo zuzendariren inbidiarik.

1832 iritsi zen. Bihotzbihotzez Bandari eskaini nion obra bere 175. urteurrenagatik. 187 urte etenaldi barik.

Musikak ez dauka adinik, musikaren bidez komunikatzen gara, historiak kontatzen ditugu eta emozionatzen segitzen dugu.

Gero, Forrest iritsi zen, bere soiltasun, kalitate eta giza balioarekin. Musika horrekin, dagoeneko gure artean ez dauden musikari guztiak gogorarazi genituen; bai Bandako kideen artean eta baita ikusleen artean ere hutsune hori igarri egin zen: maitasun, adiskidetasun eta nostalgia malkoak isuri zitzaizkigun. Sekula ez ditugu momentu haiek ahaztuko.

Eta bukaerara iritsi ginen. 1987an Bandarekin zuzendu nuen lehen obra. Horrekin itxi dut ziklo hau. Banoa, baina Banda handi bat ixten dudan lasaitasunarekin, eta esku onetan, gainera.

Banda eta herria, herria eta Banda, duo bat – musikalki–, beti elkarrekin joan behar dutenak.

Agurtu aurretik, jakinarazi nahi dizuet ekainaren 29an –San Pedro– Orkestrak agurkontzertu bat eskainiko didala; bertan parte hartuko dute Orkestrak berak, Bergarako Musika Bandak, Bergarako Orfeoiak, Aritzeta Abesbatzak, Bergarako Musika Eskolak eta nire ibilbidean zehar ondoan izan ditudan bakarlariek, musikariek eta lagunek. Eta, momentu berezi hori baliatuz, opari musikal bat eskaini nahi diet guztiei, bihotzetik; guztiendako.

---------

Alfredo Gonzalez Chirlaque

Bergara

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak