Gera zaitez sentsazio hauekin eta orain relax, 150 hitz besterik ez da.
Har ezazu arnasa sakon sudurretik eta ahalegindu sartzen ari den haize hori guztia sabelera eramaten. Sentitu nola sartzen den haize hotza sudur zuloetatik, nola epeltzen doan eztarrian zehar, trakeatik pasatuz sabelera heldu arte eta ikusi nola puzten den azken hau pixkanaka-pixkanaka, relax.
Gehiago ezin duzunean, eutsi bost segundoz, imajinatu ahoan pajita bat duzula, hasi haize guztia zulotxo horretatik botatzen apurka-apurka, hor doaz zure arazo, kezka eta urduritasun guztiak. Atera ezazu gorputzetik azken hatsera arte eta eutsi hor 5 segundo, relax.
Itxi begiak indarrik egin gabe, lasaitu behe-masailezurra, eraman mingaina ahosabaira eta errepika ezazu beste behin aipatutako arnasketa, relax.
Moteldu burua, pentsamenduak, sentsazioak, taupadak. Kendu bizkarretik iraganeko harriz beteta daramazun motxila astun hori, eta relax.
Esaiozu zure buruari "stop!"; izan zaitez zure burmuinaren jabe segundo gutxi batzuetan eta eraman ezazu zure leku seguru horretara, inork eta ezerk mindu ezin zaituen txokora. Ez baldin baduzu horrelakorik, asmatu, zure momentua da, relax.
Ohar zaitez arnasketa gero eta sakonagoa dela. Marraztu zure barnean irribarre handi bat, ez itxaron gehiago hainbeste antsiatzen duzun poztasun edo zoriontasuna, zure barnean baitago.
Clack! Heldu da momentua, konprobatu beste behin gorputza osorik, konparatu hasieran ateratako argazkia oraingoarekin eta bilatu diferentziak. Onuraren bat sumatu baldin baduzu, har ezazu 150 hitz eguneko, zure gorputzak eskertuko dizu.