Kuriositatez, Manlleuri buruzko informazio-bila sartu naiz Interneten. Gurea baino handiagoa da. Industriala. Garai batean ehungintza indartsua izan zuen herria. Abertzalea. Ez bereziki ezkertiarra. Badauka geurearekin antzekotasunik, desberdina izanda ere.
Interesgarria dator larunbata. Kultura, eremu soziala eta politikoa landuko dira topaketetan. Lehenengo bietan ekarpen interesgarriak egon daitezkeen esperantza daukat. Beti dago zer ikasia eta, seguru, ikaspen interesgarriak aterako ditugula geurean aplikatzeko.
Arlo politikoan, jakin-min berezia daukat. Aspaldian ez dut, ez han eta ez hemen, bide-orririk ikusten. Nahiago nuke ez ikusi arren egon balego, eta horren esperantzan hurbilduko naiz –agendak uzten badit– larunbatean topaketetara.
Ea argirik ikusten dudan. Izpiren bat, sikiera. Hala bada, kontatuko dizuet, eta nik ez ikusi arren norbaitek ikusten badu, konta diezadala.