Hala ere, galeren artean euskararena dago. Gazteen artean aurten egin duten ikerketa baten emaitzak argitaratu berri dira eta beldurgarriak dira, benetan. Eskoletan nabari-nabaria da gure ikasleek etxealdiaren ondorioz izan duten galera, bereziki, zona ez euskaldunetan.
Nik Gasteizko Ikastolan egiten dut lan eta ederki nabaritu dugu etxean euskararekin harreman gutxi edo ezer ez daukaten ikasleek nola galdu duten euskaraz aritzeko abilezia. Txikienetatik hasi eta nerabeenganaino. Euskaraz galdetu eta gaztelaniaz erantzun. Txikienek ulertzeko ere arazoak dituzte.
Gaiari premiaz heldu behar zaio. Lehendik ere bultzada behar zuen euskarak normalizaziora hurbiltzeko eta egin duen atzerapausoa itzela izan da. Uste dut urteroko jarduera-planek ez dutela oraingoan balio. Ekintza berriak behar ditugu eta ez dago galtzeko denborarik.