Euskal Herriak hainbat lurralde ditu eta Araba zazpigarrena da beste herrialdeetako euskaldunontzat. Nafarroak eta Ipar Euskal Herriak atxikimendu emozionala sortzen digute, Gipuzkoa da lurraldearen erdigunea eta Bizkaia indartsua. Eta Araba? Zazpigarren alaba.
Datorren igandean, ekainaren 16an, Araba Euskaraz ospatuko da. Sekulakoa da herrialde honetan euskarak eman duen jauzia eta demasa da Arabako euskaltzaleek erakusten duten militantzia. Araban euskaltzalea militante aktiboa da, eta atsedenik gabekoa. Horrelakoa da Araba Euskaraz antolatzen ari den pertsona taldearen jarrera eta kemena ere.
Gonbidapena lerro hauen bitartez; hurbildu Gasteizera igandean eta erakutsi zazpigarrena izanda ere kuttuna dela Araba guretzat.