Norbaitek Seminarixoko parkingari buruzko nire iritzia aurkituko duelakoan hasi bada zutabe hau irakurtzen, ez du aurkituko. Ez du aurkituko, ez dudalako zutabe hau erabili eta erabiliko zinegotzi naizen taldeko iritziak plazaratzeko edo alderdikeriaz aritzeko. Hala ere, aktualitate-bila Bergaran, ezin beste gai bati buruz idatzi. Beraz, Seminarixoko parkingaz alderdikeriarik gabe. Ea lortzen dudan.
Eztabaida hauteskunde-sasoi bete-betean plazaratu da, guztion kalterako. Bergararrok mugikortasunarekin eta aparkalekuekin daukagun arazoaren inguruko eztabaida sano eta osasuntsu bat izan zitekeena eta guztion artean landutako irtenbideak topatzeko gaia izan zitekeena, hauteskundeetako testuinguruan, modu maltzurrean erabili daitekeen gai bilakatu da.
Zer iruditzen eztabaida maiatzaren 27ra atzeratzen badugu eta egun horretatik aurrera sano-sano adostasunak bilatzen baditugu? Hamabost egun falta dira bakarrik eta hori ez da ezer herri baten ibilbidean. Bergararen etorkizunak eskertuko digulakoan nago.
Bien bitartean, maiatzaren 26an bozka dezala bakoitzak egokien ikusten duen aukera.