Aurtengoa berezia izan da. Batetik, Alfredok zuzendutako Santa Zezilia eguneko azkena izan delako eta frontoira berezia izango zela antzemanda joan nintzelako. Esango nuke etxetik bertatik hurbildu nintzela hunkituta frontoira. Bestetik, programa ere halakoa zelako. 1995etik gaur arte herriko elkarte eta taldeei egindako martxak; gaztetxekoa barne. Ez dira Euskal Herrian gaztetxe asko izango herriko musika bandako zuzendariak sortutako martxa daukatenak; Bergarakoak badauka.
Kontzertuak nire aurreikuspen guztiak bete zituen. Hunkigarria izan zen. Oso bergararrontzako egindakoa. Alfredoren azken kontzertua izateak melankolia pixka bat sortu zidan; Joxe Mari, Miguel, Berroya eta Jaso presente izan nituen. Haiek inguruan zeudela egin nintzen ni bandako zale. Faltan igarri nituen.
Ekaina bitarteko tarte berezia izango dugu Bandarekin. Ea Gabonetako kontzertuak –eta ondorengo parrandak– zer dakarren.