Abertzaleok egitura zabalagoa eta eskumen gehiagorekin nahi dugu Ipar Euskal Herriarentzat, baina baita Hego Euskal Herriarentzat ere. Elkargoaren izaera motz samar gelditu daitekeen arren, sekulako urratsa da lurralde egituraketan.
Iparraldeko nahiz hegoaldeko abertzaleok pozik egoteko arrazoiak ditugu aste honetan. Lortutakoa baino anbizio handiagoa dugun arren, egindako urratsa handia da eta lanean jarraitzeko bidea ematen digu.
Bestalde, egitura honek Iparra eta Hegoa hurbiltzeko, zubiak eraikitzeko balio dezan lortu beharko genukeela uste dut. Horretan ere jarri beharko genituzke indarrak. Nola gainditu ditzakegun indarrean jarri dizkiguten mugak. Bada, gaur herenegun baino errazago daukagu hau ere.
Eta bidea eginez, urratsez urrats Iparraldean eta Hegoaldean, Nafarroan eta Erkidego Autonomoan bakoitza bere erritmoan eta loak hartu gabe Estatu propioa eraikitzeko bidea egin.