Kixi-ren Amama pelikula ikusten egon nintzen astelehen gauean. Bide batez, esan dezadan ikaragarri gustatu zitzaidala. Zorionak Kixi-ri, Mariani eta bere taldeari.
Harro sentitu nintzen. Zuzendari bergarar baten pelikula Zinemaldian. Ez dakit aurretik inoiz gertatu den. Nik ez dut inoiz entzun. Suposatzen dut ez dela berehalakoan berriz gertatuko. Zinemaldira iristea ez da ibilbide erraza euskal zuzendarientzat.
Harrotasun bera ikusi nuen kanpoaldean batu ginen bergararron aurpegietan. Banaka batzuk izan ginen bertan. Gazteak, helduagoak, Kixi-ren gertu-gertukoak eta bergarartasunak jota joandakoak. Guztien aurpegiek poza transmititzen zuten.
Igarri nuen faltan bat edo beste. Esan bezala, herri batek ez dauka ordezkaririk Zinemaldian urtero, eta horrek tamainako erantzuna eskatzen du. Baina…
Joan ginenon gozamenarekin geldituko naiz. Bakoitzak jakingo du noiz eta non egon behar duen. Argi neukan han egotea zegokidala eta, benetan, ez dut egon izanaren inongo damurik, astelehen gaua bazen ere. Guztiz kontrakoa, oso pozik nago joan nintzelako.