Bart Bergaran ere izan genuen sua, plazan. Herri mugimenduak, iazko etenalditxoaren ondoren, aurten berriz antolatu du sua eta suaren inguruko jaia. Plaza jendez gainezka atzokoan ere. Ederra!
Udako solstizioak badauka bere xarma. Seguruenik, paganoena bera mantendu delako eta gure izaera primitiboenera eramaten gaituelako.
Nik, aurten, banituen sutarako hainbat gauza eta bota ere egin nituen. Sutara hurbildutakoan suak berak erre egin ninduen aurpegian. Sutara zenbait gauza botatzeak erre egin dezakeela pentsatu nuen. Hala ere, eta aurpegiko berotasun gogor hura sentitu arren, sutarako nituenak banan-banan botatzen jarraitu nuen aurrez pentsatutako guztiak erretzen ikusi arte.
Izan ere, San Juan bezperako suak aukera aparta ematen digu urtean zehar egindako akatsak erretzeko eta epealdi berri bati ekiteko. Nik aukera hau baliatzea erabaki nuen atzokoan. Gainera, Foru Aldundiko bi urtetako nire ibilbidea ere egun hartantxe bukatu nuen eta epealdi berri bat hasteko egun ezin aproposagoa zen.
Hori bai, gaur goizean ez naiz ihintzetan oinutsik ibili. Ez al dit honek hasiera okertuko!