Makurra iruditu zait Aintzanek bere zutabean nire izena jarri izana. Zer behar zuen horretarako?
Ni udal-hauteskundeetan EH Bilduren hautagai izatea eta zutabearekin nire hautagaitza kaltetu nahi izatea da izan dezakeen arrazoi bakarra. Candyren afera hauteskunde-interesen mesedetan erabili nahi izatea, arerioari kalte egiteko. Horrelako zitalkeriarik ez nuen espero.
Hautagai izateaz gain, diputatu nagusiaren kabineteburua ere banaiz, eta ez diot muzin egingo honek dakarren erantzukizunari kargua utzi artean. Ez Candyren proiektuan, ez esku artean ditugun besteetan ere.
Jaurlaritzarekin ez dugula elkarlanik nahi izan diozu. Gezurra. Frogatzeko azken elkarrizketa ekarriko dut: apirilaren 23an neuk Jaurlaritzako Industria zuzendariari egindako bilera eskaerari maiatzaren 4an erantzun zion: "Helburu nagusia Scootel proiektuaren informazioa jakitea zen… Egoera hau konponduta gelditu zen… informazioa ematen hasi zenean. Beraz, maiatzaren 8rako proposatzen duzun bilera beste data baterako uztea egoki deritzogu…". Hau da, Jaurlaritzak duen helburu bakarra informazioa jasotzea da; hori eman diegu, eta, beraz, elkartzeko beste arrazoirik ez du. Nork nahi du elkarlana eta nork ez?
Langileek ez dutela inolako informaziorik izan diozu. Gezurra. Zelan ez dute izango, erabakiak eurek hartu behar badituzte?
Urriaren 31n elkartu ginen lehen aldiz komitearekin. Urritik, gutxienez, hamaika bilera egin ditugu eurekin, sei enpresarekin, hiru guztiekin eta beste hirutan joan gara langileen batzarrera. Eta jarraitzen dugu. Inoiz instituzio batek langileen ordezkariekin izandako harremanik estuena izango genuen Candyko langileen ordezkariek eta GFAk.
Jaurlaritzaren gestioetan GFA erdian sartu zela diozu. Trabarako balitz bezala. Zergatik interes hori proiektu honek porrot egiteko?
Ez erabili Candy hauteskundeetarako.
Utzi lanean horretan ari garenoi eta jarri zuek ere horretara ari garenak kritikatu beharrean. Zuen kanpainaren leloa kopiatuz, "ekinez egina"; ekin, ba!
Zorionez, oraindik bada egiteko bidea eta aukera. Nahi duzuenean landu dezakegu bide hau elkarrekin gauzatzeko modua.
----------
Agurne Barruso
Bergara