Seguru asko, eskatu ere horregatik eskatzen zuten, ezezkoa jasoko zutela uste zutelako. Baina Martin Garitano diputatu nagusiak Zestoan galdeketa egingo duela eta EH Bilduren gobernuarentzat emaitza loteslea izango dela esan zuen prentsaurrekoan pasa den astean.
Lehen aldia da Gipuzkoan GFAren eskumeneko azpiegitura baten inguruan galdeketa egiten duena Gobernuak. Esango nuke udalaz gaindiko lehen administrazioa dela Euskal Herrian horrelakoa egiten duena. Hego Euskal Herrian, seguru.
Legegintzaldi honetan demokrazia zuzena modu maltzurrean erabili da arerioa jotzeko. Inoiz ezer galdetu ez duenak eskatu du galdeketa inork baino ozenago eta galdeketak aldarrikatzen urteak daramatzanari kosta egin zaio urratsa egitea. Hala ere, eman du. Bigarren galdeketa iragarri du Foru Gobernuak legegintzaldi honetan. Igeldokoa egin zuen eta Zestoakoa iragarri du.
Politika egiteko moduak aldatzen ari dira eta GFA ohartu da horretaz. Segi dezagun.