Lehen, abuztua zen hilabete bakarra. Orain, uztailaren erditik irailaren erdira zabaldu dugu. Aspaldi gaude opor giroan. Eta giro honetan urtero gertatzen dira gertaera latzak. Bakan batzuek giro hau baliatzen dute erabaki eta ekintza gordinenak gauzatzeko.
Israel Gazan egiten ari den sarraskiaren aurrean erreakzionatzeko erreflejo eskasa izan dugu. Begira gaude, ikusle hutsak izateko eskubidea izango bagenu bezala. Opor-giroan harrapatu gaitu erasoak.
Bateragune auziko kideek kartzelan jarraitu beharko dute krudelki ezarritako kondena osoa bete arte. Mendekuan oinarritutako erabakia opor usainean etorri da, urte luzea pasa duenean erabakitzeko.
Kutxak Fundazio Bankario izateko prozesua hasi du asteazkenean, 5 hilabete dituenean. Hauek ere opor-giroa baliatu nahi izan dute aspaldiko lapurreta gogorrenari ekiteko.
Litekeena da zutabe hau argitaratu orduko 35/02 auziaren sententzia kalean izatea. Pertsona, elkarte eta taberna askoren etorkizuna jakinarazi dezake Auzitegi Nazionalak.
Eta irailaren erdia iritsi baino lehen gehiago izango dira horrelakoak. Oporretan bai, baina adi eta lorik hartu gabe egon beharko dugu geuk ere opor-sasoian.