Kontsumo-ariketa gogorra egingo dugu gutariko gehienok. Kontsumo-ariketa gogorra eta arduratsua izatetik asko urrunduko dena.
Orokorrean kontsumo-ereduaren inguruan sakon hausnartu beharko genukeelakoan nago. Egoera ekonomikoak aukera ematen digu beste eredu batzuk garatzeko eta baliatu egin beharko genuke aukera hori.
Dena den, ez da nire helburua zutabe honetan hausnarketa hori irekitzea. Gauza xumeago baina eraginkorragoa proposatzera nator, atrebentzia ez bada: egingo dugun kontsumoa gure herrian egiteko gonbitarekin nator.
Eskualdeak sasoi gogorrak bizi ditu. Krisi ekonomiko orokorrak gogor jo du Debagoiena; Fagorren itxierak asko azkartu eta larritu du gure egoera eskasa eta lehendik kinka larrian dauden denda txikiek etorkizun latza daukate ariketa kontziente kolektibo bat egiten ez badugu.
Norbere herrian-eskualdean egiten baditugu Gabonetako erosketak, guztiok irabaziko dugu. Eskualdeko ekonomia pixka bat mugituko dugu eta herriak bizirik mantentzen lagunduko dugu.
Herrian bizi, bertan erosi, denok irabazi!