Bergararra izanda, agendan txoko garrantzitsua betetzen duen eguna.
Lanera iritsitakoan berriz mahai gaineratu zitzaidan San Martzial eguna; igandean Irunen ere San Martzial ospatuko dute eta aurten ere oraindik emakume irundarrek alardean parte hartu nahi badute, aparteko alardean egin beharko dute. Irungo Udalak egoera hau babesten du oraindik ere.
Egunean sanferminak ere badatozela entzun nuen. Notizia honakoa zen: Nagore Lafageren erailketa gogoratzeko uztailaren 3an egin nahi zuten antzerkiari baimena ukatu dio Iruñeko Udalak. Duela 5 urte eraso sexista baten ondorioz, jaien testuinguruan hil zuten Nagore eta hura gogoratzea ere debekatu egin nahi digute. Lotsagarria Iruñeko Udalaren jarrera.
Ez nekien oraindik egunak bazekarrela emakumeon aurkako indarkeriaren bestelako berririk. Zarautzen adin txikiko neskatila bati eraso egin diotela esanaz deitu dit bertako lagun batek. Aste Santuan beste eraso bat egon zen.
Plaza politikoan ari garenok badugu zer egina honi guztiari amaiera emateko. UPNk Iruñean, PSEk Irunen agertutako jarrerarekin aurrerapausorik ez, atzerapausoak galantak.