Batzuek auzotik pasata eta beste batzuek beraien agerraldi edo idatzietan, gure auzorako hitzak izan dituzte alderdi gehienek. Nolabaiteko konponbideak ikusten hasteko aukera ematen digutelako, pozik egoteko arrazoiak baditugu, baina, zoritxarrez, triste eta haserre egoteko arrazoiak ere topatu ditugu azken egunotan. Hain zuzen, auzoa biziberritzeko bidean, bertan daukagun aisialdirako aproposa izan daitekeen gune bakarra desagertzeko proposamenaz ari gara. San Lorentzo, Mugertza eta Zubieta auzoak lotzen dituen eskola zaharreko orubea txukundu eta eserleku, iturri, mahaitxo, ziburu, lorategi, eta abar egin beharrean, bertan etxe berriak eraikitzeko proposamena entzun berri dugu. Gure aldetik, orube hori ardatz osoaren aisialdirako aukerak sortzeko erabiltzea eskatzen dugu, gure bizi kalitatea hobetuko duela sinistuta. Ez dira izango ez etxe berriak ezta aurpegi berriak gure auzoa biziberrituko dutenak. Argi daukagu. Gure auzoari arnasa eman ahalko diotenak izango dira urbanistikoki XXI. mendea ezagutzea, irisgarritasuna bermatzea eta aisialdi eta zerbitzutarako aukerak sortzea; gure auzoa erakargarri bihurtu eta gaur egun hutsik dauzkagun etxeak bete eta beteta daudenak ez husten lagunduko dutenak. Horren atzetik gabiltza aspaldi eta horretan jarraituko dugu. Eta bide horretan, ZubietaBerri Auzo Elkartearen sorreraren berri eman nahi dizuegu. Auzoaren berriztapena egia bihurtu dadin lan egin eta lortu bitartean, auzoaren degradazioa salatzen jarraituko duena.
----------
Aitor Garitano eta Jose Luis Sasiain
ZubietaBerri auzo elkartearen bultzatzaileen izenean
Bergara