El Diario Vasco-k –Grupo Vocentok, orokorrean–, EITBk... lan bikaina egin dute hauteskundeei begira PNVren mesedetan.
Ez da kasualitatea. Bilduk agindu duen herrietan ezer onik ez da egon, prentsa horren iritziz, behintzat: Zarautzen "biribilgune beldurgarria", Arrasaten kale baten "obra apokaliptikoa", "zaborraren esklabo" omen gara herri askotan... ez al da lan onik egin inon?
Bergara ere ez da libratzen. Herritarrei azken agintaldian egin diren proiektu guztien inguruan galdetuta, baietz gehientsuenek ezer ez erantzun atez atekoaz gain. Ba, jakin dezagun proiektu txukun pila egin direla –zorionak!–. Fortuna handien gaineko zergak, bidegorria, turismoa, Laboratorium, azoka, etxe hutsak/alokairua…
Bitartean, PNV milioika euro gastatzen ari da etorkizunik ez duen tren batentzako txikizioetan, Bidegin ikaragarrizko dirutza desagertu da Markel Olano Diputazioan zela, errauskailua ondo sinatuta utzi zuen azken horrek enpresari eta angula artean, Bergaran ere jeltzaleen azken agintaldian Udala zorrez ondo josita utzi zuten... Baina kontu hauek guztiak bergararron zenbatek dakizkigu?
Udal hauteskundeetan PNVk irabazi du, bai, baina oso zikin jokatuta; beraz, hauei zorionik ez.
Nik, bitartean, Gaztetxetik xaxatuko dut, kaletik eta herri mugimendutik!
----------
Aitzol Gandiaga Conget
Bergara