Alarma

Erabiltzailearen aurpegia Ander Etxeberria

New Yorkera zihoan trenean ikusi nuen posterra. 

Ordura arte, horrelako zerbait pelikuletan soilik agertzen zela uste banuen ere, benetakoa zen: Do you have an emergency survival kit? (ba al duzu larrialdietarako biziraupen-kitik?). Garrantzi handirik ez zuela pentsatu nuen, baina, handik egun batzuetara, lagunaren etxean horrelako sorta bat ikusi nuen armairu batean.

Gertuago, Europa iparraldeko hainbat estatuk badituzte antzerako gomendioak; bereziki, Errusia Ukrainan sartu zenetik, 2022an. Agintariek gomendatzen dute etxean hauek izatea gutxienez 72 orduz moldatzeko: besteak beste, ura, elikagaiak, botikak, pilekin dabilen irratia, linterna, ordezko bateriak, higiene-produktuak eta, ez ahaztu, eskudirua billete txikietan.

Txorrotako ur garbirik gabe geratu da egun batzuetan Arrasateko herria, matxura baten ondorioz. Agian, hurrengo batean, ez da aberia izango eta ezingo da egun gutxitan konpondu. Adituei kasu eginez, erremediorik jarri ezean, adimen artifizial sortzaileak eragingo du halakorik gizateria akabatzeko bidean.

Han eta hemen posterrak jartzen hasteko garaia da.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Batu zaitez Goiena albisteen kanalera.

TELEGRAM: Batu zaitez GoienaAlbisteak kanalera.


Harpidetza aukera guztiak