Zenbaki hori Euskal Autonomia Erkidegoko populazio aktiboaren %10 da. Bete behar diren plazak 3.764 direnez, 27 hautagai daude postu bakoitzerako.
Enpresa pribatuek horrelako ratioa nahiko lukete beren lanpostuak betetzeko. Inbidiaz begiratuko diote Euskal Osasun Zerbitzuari. Nola lor dezake kopuru hori? Galdera ez da nolanahikoa, batez ere gaur egungo –hemengo– gazteei buruz pertsonal departamentuetan askotan entzuten diren ideiak kontuan hartuta: malgutasuna nahi dute, bidaiatu egin gura dute, etxetik lan egiteko aukera izan nahi dute, ez dute beren burua enpresa berean bizitza guztian lanean ikusten…
Bestetik, urteak dira industriaren pisua behera egiten ari dela Erkidegoan. 70eko hamarkadan 300.000 lanpostu industrial baino gehiago zeuden; gaur, 200.000 inguru dira. Iaz, esate baterako, enpresa industrialen kopurua %2 jaitsi zen.
Hori horrela, zerbitzu publiko indartsua izateaz batera, zein izan daiteke gurea moduko bailara baten panorama hemendik urte batzuetara?