Udazkeneko egun batean, 07:00etan Euskadiko irrati nazionalean –komunikabide nazionalik badugu– hasierako bi notiziak pertsona hauekin lotutakoak izan ziren: bata, Carlos Mazon, Valentziako presidentea; eta bestea, Alvaro Garcia Ortiz, Espainiako Estatuko fiskal nagusia. Albisteak ziren, oker ez banago, lehenaren dimisioa eta bigarrenaren auzipetzea. 07:30ean, Radio Nacional de Españako buletina sintonizatu nuen. Zeintzuk izan ziren lehenengo bi berriak? Han ere Mazon eta Garcia Ortizekin erlazionatutakoak. Harritzekoa? Ez, deigarria dena da hemengoa; goiz hartan euskal lurraldeetan ez ei zegoen ezer nabarmenagorik.
Egun haietan ikasleek greba egin zuten 850 kilometro hegoaldera izandako gertakari ikaragarri batengatik –ikasle baten suizidioa, bullying-agatik–. Kalera irtengo lirateke 120 kilometro iparraldera gertatu izan balitz –Baionan, adibidez– edo Pirinioak muga izango lirateke ikasle klasearentzat?
Badirudi mundu mailan agenda Washingtonek markatzen duela eta guri dagokigunez –gainera–, Madrilek. Urte berriak hobera egin dezala!