Nire mahaian Fr. Anton zegoen, ekitaldi kooperatibo hartako antolatzaile nagusia. Bat-batean, dena bortizki mugitzen hasi zen. Dena! Lagun batzuk, behar bezala, mahai azpian sartu ziren; beste batzuk, eserita, oreka mantentzen saiatu ginen. "Gertatzen ari da", etorri zitzaidan burura. Gora begiratzen nuen eta ez zen ezer erortzen; aldeetara begiratzen nuen eta ez zen ezer apurtzen. "Eskerrak!". Denbora baten ondoren, bukatu zen mugimendua. Begiradarekin galdetu nion Fr. Antoni eta espero nuena erantzun zuen: "Lurrikara".
Urduritasuna bi mila parte-hartzaileen artean Baguio hiriko hotel hartan. Fr. Antonek, oholtzara igo, mikrofonoa hartu eta gora begira otoi egin zuen: "Zaindu gaitzazu". Eta auditoriuma lasai! Predikamentu handiko pertsona da Fr. Anton hainbat arlotan erakusten duen trebeziagatik.
Filipinetan urrian hiru lurrikara izan ziren. Azaroan, berriz, tifoi suntsitzaile bik kolpatu dute herrialdea. Badute lana Fr. Antonek eta antzerakoek; fenomeno bortitzen aurrean, fenomenoak.