Sistema onena demokrazia bada ere, baditu soluzio (on) gabeko arazoak; adibidez, gutxiengoen trataera. Imajinatu lau pertsona daudela bazkaltzeko. Hiruk arroza atsegin dute, baina ez espagetiak. Besteak, alderantziz, espagetiak ditu gustuko; ez, ordea, arroza. Zer bazkalduko dute gaur? Erabakia demokratikoki hartuko dute: bozkatuko dute eta emaitza arrozaren aldekoa izango da 3 eta 1. Beraz, hori jango dute. Eta bihar? Zer izango dute mahai gainean bihar? Berriro egingo dute bozketa eta emaitza bera irtengo da: 3 eta 1 ale zuriak irabazle. Eta hurrengo egunean? Ostera ere arroza, ad infinitum.
Ez dauka zertan gertatu, baina mahaikideek adostu lezakete aldaketaren bat. Izan daiteke, esate baterako, hiru egunetan arroza jatea eta laugarrenean espagetiak, edo egunero aldatzea, edo guztiek ontzat emango duten menua bilatzea.
Mahai batzuetan, hala eta guztiz ere, gertagarriagoa da bestelako egoera: arroza prestatzen ari denak, inor begira ez dagoenean, tokatzen zaiona baino gehiago hartzea...
Zer dago gure platerean?