Lehenago hasi zen dena. Lankideekin afaldu ostean berak eramango ninduen bueltan hotelera. "Emozioarekin ala emoziorik gabe?", galdetu zidan, eta gogoratu nuen afizioz rally-gidaria zela. "Emozioz, noski!", erantzun nion.
Gau epela zen, eta autoan denboratxo bat emango genuen, distantziak handiak baitira Brasilgo hiriburuan. Euskal abesti ezagunak jartzeko eskatu zidan. Aplikazioa lanean jarri nuen: Lau teilatu, Txoria txori, Corazón de tango, Laztana… Negua zenez –Brasilia hego hemisferioan dago–, Negua joan da ta. Aurrean genuen ilargi ederra aitzakia hartuta, Ilargia. Samurtasuna eta errebeldia bateragarriak direnez, segurtasun-indarren gunetik igarotzean, Mucha policía poca diversión topera. Hiru ibilgailu blindatu beldurgarrik aurreratu gintuzten orduan; operazioren batera zihoazen, antza. Añuberen ahotan, Radio Rebelde-rekin heldu ginen bidegurutzera: "Handik, hotelera. Hemendik, nire etxera. Bazatoz?", xuxurlatu zidan. "Lankideak enteratu ahal dira", erreakzionatu nuen. Berak, orduan: "Eta zer?".