Ekitaldien helburua da, webgunean diotenez, "publikoa sentsibilizatzea Europako kultura ondarearen aberastasunari eta aniztasunari buruz, kulturen arteko elkarrizketa sustatzea eta gure ondare komunaren babesa sustatzea". Mondragoetar askorentzat Udalatxeko gurutzea zerbait bazen, iruditzen zait, ondarea zela.
Gurutzearen motzondoan jarritako testuan adierazten da hildako mendizaleen oroigarria zela. Hala ere, ez dut uste gehiengo zabalak horrela ikusten zuenik, are gutxiago Besaide hain gertu izanik. Erreferentea zen, behetik begiratuta edo han inguruan egonda, baina, seguruenik, gaurko gizartean gutxik izango zuen erreferentzia erlijiosotzat.
Kuriosoa da goiko gurutzea moztu ez izana. Eta kuriosoa da testuan Mari aipatzea. Erradikalagoak izanda, zergatik ez goraipatu Mari baino lehenagoko sinesmenak?
Ondare izateak ez du esan nahi kendu ezin denik. Baina modu horretan, behin bidea erakutsita, hemendik urte batzuetara agian beste konfesioetako herritarrek ere heldu diezaiokete zerrari.