Ordutik, egutegiak ikusi ditut han eta hemen. Ez dakit aurreko urteetan hainbesteko presentzia izan duten. Garai batean, gure mendizaleak lehen zortzimilakoak egiten ari zirenean, oso preziatuak ziren hango argazkiez osatutakoak. Aurten, iruditzen zait hainbat erakunde pribatu zein publikok arreta berezia jarri duela bere egutegia nabarmentzeko.
Komertzio batean erosketak egin ondoren, saltzaileak esan zigun, arduraz: "Aaaa, ez ahaztu hauxe". Eta egutegi preziatua eman zigun… gaztelera hutsekoa. Aupa txabal! Bailarako udal batzuek ateratzen dute berea. Oraingoan, Arrasatekoa ere batu da. Webgunean dioenez, epaimahai batek aukeratu ditu argazkiak; ez du azaltzen, ordea, zeinek aurkeztu ahal izan dituen.
Deigarriena, azkenerako: Gipuzkoako Foru Aldundiaren egutegia. Harrigarria da Aldundiak eman dion garrantzia. Hedabide honetan –eta beste batzuetan ere bai, seguruenik–, abenduko zenbaki batean, propio babestutako bi orritan egutegia aurkeztu du. 2024ari begira ez da egongo Diputazioak herritarroi jakinarazi nahi digun ezer inportanteagorik!