Metroan sartu eta denboratxo batera konturatu nintzen pertsona zuri bakarra zegoela bagoian: ni. Hogei lagun inguru izango ginen. Beste denak beltzak edo beltzaranak ziren. Guztiok genuen motxila alboan (nire kasuan, argazki kamera barruan zegoela). Batzuk, gainera, kaskoa zeramaten, eta baten batek erreminta- kaxa ere. Bertakoa dudan lagunak ondoren azaldu zidan seguruenik guztiak langileak zirela: gizonezkoak obratara joango ei ziren eta emakumezkoak zerbitzu lanetara.
Geltoki batean nahastu eta egun-argiz iritsi nintzen aukeratu nuen kokalekura. Nire atzean zegoen parkean jendea footing egiten zebilen. Argazki batzuk aterata nituela, zerbaitek atentzioa eman zidan: kirolari guztiak zuriak ziren. Aipatutako lagunak esan zidan ziurrenik bulegoetako langileak izango zirela beharrera joan aurretik osasuna zaintzen.
Ez dago hain urrun joan beharrik horrelakoak nabaritzeko, baina egin nituen argazkia baino dezente interesgarriagoa izan zen egun hartan ikusitako estanpa.