Baina Academy of Korean Studies-eko soziologo bikaina ez zen horretarako etorri Euskal Herrira. Zergatik eman du Do-Hyunek 2022 osoa gure artean?
Do-Hyunen esanetan, Hego Korean bazegoen bizitza komunitarioa: herritarren arteko kolaborazioa jarduerak antolatzeko, kale giroa eta abar. Hala ere, galdu egin zen 70eko hamarkadatik aurrera sekulako indarra hartu zuen industrializazioaz.
Aztertzen egon da, MUko ikertzaile bisitari gisa, Arrasateko enpresen –kooperatibak, bereziki– eta tokiko komunitatearen arteko harreman emankorra. Elkarrizketatu ditu arlo diferenteetako hainbat eta hainbat herritar. Gainera, errealitateaz hobeto jabetzeko, euskara ikasten aritu da: astelehenetik ostiralera goiz osoan euskaltegian eta abuztua barnetegian.
Orain, jasotakoa lantzen ari da Seulen. Azterketak balioko du Hego Korean zentzu komunitarioa berreskuratzeko bidea erakusteko. Guri balio diezaguke dugun gizarte formula mantentzeko eta hobetzeko. Izan ere, zaintzen ez dena galdu egiten da.