Hango lagunei kasu eginez, 06:30erako gerturatu nintzen herriko hauteskunde eskolara. Gunea babestu beharra zegoen. Herritar batzuk bertan zeuden eta beste asko, iristear. Eguna argitzean, mosso bi agertu ziren distantziara. Aterantz metro batzuk egiten zuten bakoitzean, han batutakoon gorputzek bat egin eta atzera egiten zuten. Tentsioa bai, baina beldurrik ez zegoen, harik eta "¡a por ellos!"-en kolpeen irudiak mugikorretara iristen hasi ziren arte. Ez zegoen jakiterik eskola hari ere eraso egingo zioten. 09:00 inguruan, norbaitek "ez begiratu!" oihu egin zuen: gordeta egon ziren hautestontziak iristen ari ziren. Berandutxoago, lehen boto emaileek, adinez nagusienek, barrura egin zuten. Irteterakoan txalo zaparrada… eta malkoak, malkoak aurpegi guztietan.
Indarkeria ez zen oztopo izan bi milioi pertsonak aldeko botoa emateko. Orduan egon zen Katalunia bere bide propioa hastetik gertuen. Eta Kataluniak bidea erakutsita, Euskadi.