Irakurri dut Errusiak ez zuela inbasioaren hasierako orduen momentum-a aprobetxatu. Blitzkrieg –gerra azkar-azkarra– behar zuena, Kiev-era iritsi eta Ukrainako gobernua mendean hartzeko, hirurogei egunetik gorako gerra bilakatu da.
Lehen aldiz hitz horrek atentzioa eman zidan beste testuinguru baten: Kataluniako procés-arekin lotuta, hain zuzen ere. Katalunian bertan erabili ohi dute. 2017rako, independentziaren bidean izugarrizko indarra pilatu zuten herritarrek, erakunde sozialek eta, aurrerago, erakunde publikoek ere, guztiek batera. Unea iritsi zen momemtum-a baliatzeko, baina ez zuten ondo erabili. Arrazoi diferenteak medio, momentum hura galdu zuten. Dena den, gaur ere noizean behin erabiltzen dute terminoa; adibidez, Pegasus espioitza auziaren inguruan.
Burujabetzarako bidea jarraitu nahi duten herrientzat interesgarria da katalanen kasua aztertzea: nola lortu zuten Estatua ikaratzeko moduko momentum-a eta zergatik ez ziren gai izan orduan dibortzioa gauzatzeko.