Halako batean, baina, pandemia etorri da eta, besteak beste, agerian utzi ditu gabezia batzuk; baita zintzotasunari dagokionez ere. Osasun sistema ez zen uste bezain primerakoa. Eta beste lurralde batzuetan gertatu ziren lotsagabekeriak –txertoa hartzeko txanda ez betetzea– hemen ere azaldu dira.
Bikaintasuna bilatzen duen herriarentzat gogorra da kaskarkeria. Autoestimuan eragina izan dezake erdipurdiko sentitzeak. Horregatik, ulertzekoa da aukerak ez galtzea onenak garela esateko… Santa Agedak lagundu gaitzala horretan ere.