Hamarkada –mende– asko ditu euskal subjektu politikoaren auziak; hau da, euskal lurraldeen eta Estatuen arteko harreman bereziak. Hala ere, azken garaian ia ez da ageri diskurtsoetan. Badirudi Europa iparraldeko gizarte aurreratu eta normalizatu bat garela: Euskandinabia.
Josu Erkorekak, hamabost egun dela, Jaurlaritzako lehendakariorde kargua hartu berri, esan zuen urrezko aukera dagoela –legea den– Gernikako Estatutua betetzeko. Ez diot inguruko inori entzun adierazpen horrek bihotza ukitu dionik, ez eta Estatutua mugatzat duenari ere. Euskandinabian halakoak.
Edonola ere, irakaslea zuzen zegoelakoan nago eta, lehenago edo geroago, euskal auziaren ardurak babes zabala batuko du bizitza hobeago baten alde.