Aspalditik datorren buru uzte horrek buruhauste handirik ez dit ekarri; gaurdaino, behintzat. Arrazoia da, uste dut, lerro hauen amaieran aipatzen dudana. Aurretik, hala ere, galera prozesuaren beste momentu bat azalduko dut.
Gogoratzen dut, kanpoan ikasten nengoela, bizi nintzen pisuko ispilura begiratu eta lehen aldiz ikusi nuena: aurrean nuen pertsonaren buruaren kurbadura. Etxebizitza hartako argiagatik izango zen, agian, baina inoiz ikusi gabeko zerbait izan zen hura. Pentsatzen dut espaziora doazen astronautek antzerako zirrara sentituko dutela gora egin ahala Lurreko kurbaduraz ohartzen direnean…
Goazen, bada, pasarte nagusira. Hogeita hamar urte inguru dira lagun batek ondokoa esan zidala: "Zu, laster, burusoil". Sekulako mesedea egin zidan. Ordutik, luzapen denboran nago.