Festaren egitarauan datorren ekitaldi kopurua oso txikia da –edozein kaleko jaietako programa baino xumeagoa–; batzen duen jendetza, aldiz, izugarrizkoa. Nekez gaindituko du proportzio hori beste edozein festak. Jaia bere esentzian: jendea batzen da jendea dagoen lekuan.
Interesgarria litzateke arrakastaren giltzarriak aztertzea, beste jai batzuk indartzeko balio baitezake. Gakoen artean egongo dira, besteak beste, ondokoak. 1. Egun bakarrekoa da, bizia; aukera bat besterik ez dago festarako. 2. Irudi propioa dauka, berezia, beste inon aurkitu ezin daitekeen multzoa: txikiteroen patroia bezala aurkezten da bere eskapularioaz, nobenarixuaz, mirariaz… Eta, nola ez, dotorezia da nagusi.
Guztira, parte hartzaileak bere egiten du aparteko jai hori, asteak lehenago darabil buruan eta Maritxu Kajoiko enbaxadore bihurtzen da. Hasierako lerroak bezalakoak idatz ditzake orduan. Ondo pasau!