Bihar, Dakar lasterketa amaitzen da. Hala ere, urteak dira ibilgailuek ez dutela Senegalgo kapitalean bukatzen, milaka kilometrotara baizik, Argentinan aurten. Oporretan izotz pista egon da Arrasaten, baina ur izoztuaz ordez material sintetiko batez osatutako instalazioa izan da –energia aurrezteko–. Gabonetan alaba txikiak Hator, hator kantatzerakoan argitu digu, batetik, mutil etxera beharrean laster etxera esan behar dela; bestetik, ez dela eragiok mutil erabili behar, baizik eta eragiok (sic) gogor. Edonola ere, abestiak izan dezake non esku hartu oraindik, aitaren eta amaren ondoan kantatu baitu, eta ez, adibidez, gurasoen ondoan.
Berria izan da, ordea, Errege magoen plan-aldaketa: hilaren 5ean etortzen badira ere, leku batzuetan –Trapagaranen, kasu– 4an egin dute kabalgata. Zer eta eguraldiagatik, aire libreko kirol ekitaldien eguna aldatzen den modu berean, aparteko eztabaidarik gabe.
Badirudi jarraibideei buelta emateko garai berezia bizi dugula, gizartea beti aldatzen ari bada ere.