Intsumisioa

Erabiltzailearen aurpegia Ander Etxeberria 2017ko eka. 4a, 00:00

Ekaineko egun batean, hogei urte dela, kuadrillakoak Donostiara joan ginen. Bilera bat nuen eta lagunak babesa ematera etorri ziren. Epaileaz nuen hitzordua. Hobeto esanda, epaileaz, abokatuaz, idazkariaz, itzultzaileaz... Sei bat pertsona izango nituen aurrean. Beste milaka euskal gaztek bezala, soldadutzari uko egin eta epaiketa izan behar nuen.

Epaiketa haiek genero ezberdinak batzen zituzten. Epika. Herri mugimendu batek lortu zuen, besterik ez bada, derrigorrezko zerbitzu militarraren abolizioa aurreratzea –indarrean zegoena 1841etik Nafarroan eta 1876tik gaurko EAEn–. Drama. Kartzela zigorrarekin batera –intsumisoen zati bat sartu zuten giltzapean– "heriotza zibila" aplikatzen zen: beka, kargu eta enplegu publikoa izateko eskubidearen galera. Komedia-edo. Ohikoa zen entzutea fartsa-epaiketak zirela.

Gureak izan zuen momentu gogoangarria. Ez genekien epaiketetan ezin dela animorik eman eta, hala egitean, oroitzen dudanez, "¡que te detengo!" luzatu zion epaileak lagunetako bati. Zorionez, gelatik kanporatu zituen soilik eta denok itzuli ginen etxera, ekaineko egun batean, hogei urte dela.

ALBISTEAK ESKUKO TELEFONOAN

Debagoieneko albiste nabarmenenak eta azken ordukoak Whatsapp edo Telegram bidez jaso gura dituzu? Harpidetu zaitez doan!

WHATSAPP: Bidali ALTA 688 69 00 07 telefono zenbakira –Whatsapp bidez–.

TELEGRAM: Batu zaitez @GoienaAlbisteak kanalera.

ASTEBURUETAKO BULETINA

Zure posta elektronikoan asteburuko albiste nabarmenekin osatutako mezua jasoko duzu. Harpidetu zaitez debalde hemen.


Harpidetza aukera guztiak