Nork esan behar zuen laurogeiko hamarkadan sortutako kantuak belaunaldiak zeharkatuko zituenik. Baina begi bistakoa da ez dela bakarra. Izugarrizko loraldia gertatu zen garai hartan, eta musika estilo askotan, gainera: punka, ska, heavya, reggaea, rapa, rocka… Hain olatu handia izanik, ez da erraza bereiztea aurretik izan ziren olatuak eta, esango nuke, ondoren etorri zirenak ere. Dozenaka abesti dira orduan jaio eta oraindik presente daudenak modu batean edo bestean: uhinetan, kamisetetan, txapetan, egungo bertsioetan, etab. Denborarekiko lotura gainditu dute. Klasikoak dira.
Azkenaldian haur eta gaztetxoen ahotan jarri dituzte kantu horietako batzuk Kantari eta Go!azen moduko telebista programek. Baina horiek gabe ere bidea aurkituko zuten.
"Gustetan jatzu, aitta?", luzatu zidan orduan. Baietz esan nion buruaz. Eta alabatxoak: "Niri be bai". Hortxe, klasikoa.