Ingurune aproposa da, bai, Euskal Herria, demokrazia industrialarentzat. Oso aspalditik datoz esperientzia kooperatiboan hezurmamitu diren ezaugarriak: auzolana (historian zehar guztion onurarako egindako lana auzoko bideak mantentzeko, eraikin publikoak jasotzeko, auzotar batek beharra duenean laguntzeko, etab.), jabetza ulertzeko modua (herri-basoak denonak izanik, inori ez zaio bururatzen horiek saltzea; egungo herritarrek baliatu ditzaketen bezala, hurrengo belaunaldiek ere erabiltzeko), demokrazia (biltzar ireki edo kontzejuetan elkartu izan dira toki askotan biztanleak), lanaren garrantzia, etab.
Lehendakariak, baina, gehitu zuen, kulturari lotuta dagoenez, ezin izan dela modeloa beste lekuetara eraman. Egia esan, Euskal Herriko beste bailara batzuetan ere ez du lortu kooperatibismoak Debagoienean duen indarra. Edonola ere, hemen zein munduko bazter askotan, lagungarri gertatu da enpresa bidezkoagoak sortzeko eta, ondorioz, inguru horietan ongizatea gehitzeko.