Arrasateko Iturriotz kaleko 33. zenbakian Bañez de Artazubiaga jauregia dago. XVI. mendekoa da eta ate gainean ondoko esaldia dauka: Solus labor parit virtutem sola virtus parit honorem (lana da soilik bertutearen iturri; bertuteak soilik dakar ohorea). Hau da, lana zerbait positiboa da.
Goazen gertuagoko garai batera, baina kilometro batzuk urrunago. Carlos III.a Espainiako erregeak, 1783. urteko martxoan, Madrilen, zedula bat atera zuen hauxe adieraziz: larrugin, errementari, jostun, zapatagile, arotz eta antzerako ogibideak ondraduak dira, ez dute pertsona ez eta bere familia doilortzen.
Ikaragarria izan behar zuen lan horien desprestigioak –eta ondorioz zekarren monarkiaren garapen geldoak–, horrelako deklarazio bat egin behar izateko. Besteak beste, noble askok nahiago zuen miserian bizitzea eskuzko lanaren desohorea baino.
Gatozan berriro Iturriotzeko eraikinera. Jauregia izanik, bertako familiak aberatsa izan behar zuen. Atera kontuak!
Historiak bere arauak izango ditu, baina bi testuon inguruan dagoena gaurdaino dator.