Larunbat batean bai eta hurrengoan ere bai, hor dira urte berean jaiotakoen bazkariak, umetan eskolakide izandakoena edo kirol talde berean aritutakoena, adibidez.
Aspaldi antolatzen dira horrelakoak; badaude denboraren poderioz oso kide gutxi geratzen direnak topaketa egiteko. Edonola ere, fenomenoa gorantz doala iruditzen zait. Izango da gero eta ikusgarriago direlako kalean –batzuk zapia lepoan, musikaz lagunduta…– edota hedabideetan, eta, horrenbestez, erakargarri gertatzen direlako.
Zergatik ospatzen dira sasoi honetan? Izan daiteke bere garaian kintoen zozketak udazkenean zirelako, hilabete hauetan jarduera sozial gutxiago dagoelako herrietan, zuhaitzek bizitasuna galtzen ikustearekin bat nostalgiko jartzen garelako… Garelako, zeren eta guk ere egiten dugu-eta bazkaria: txikitan klasekide izan ginenak elkartuko gara datorren astean.
Munduko errekorra daukagulakoan nago, gainera –aurreko lerro guztiak hona iristeko ziren…–: batzen gara EGBko 1. mailako ikasleak eta irakaslea. Hara marka!